Xabier Erkizia




audio-lab.org
soinumapa.net
hots-radio.info

NON DIRE (NIENTE)

NON DIRE (niente)

3 AM irrati, irrati hackeatua,idazmakina, idazteko mahaia eta 3 altabozetarako instalazioa.
7 soinu pieza  + 10 idatzi (entzumen buletin)

Sala Santa Rita, ROMA (Italia)
2015eko azaroaren 10etik 22ra
VISITAZIONI, International Sound Art Festival
Komisarioa: Giovanni Antognozzi
ACEren laguntzarekin

>>>> Deskargatu instalazioaren idatziak biltzen dituen liburua LIBE argitaletxearen webgunetik (PDF + EBUP)
>>>> Deskargatu audio dokumentazioa (MP3)


Irratiak oso modu gertukoan eragiten dio jendeari…

Seguruaski, irratia ezagutu dugunontzat (kontutan hartuz izango dela munduan irratia ezagutu edo ezagutuko ez duenik) ez da berria. Sukaldeko beroan edo autoko aterpe pribatuetan irratiaren oihartzun distortsionatuen bueltan hazi garenontzako, pentsatu gabe, automatikoki, sortzen den sentipena da intimitatea.
Irratiak badu aldiberean kanpoan eta barrenean, edo nahiago bada kanpora nahiz barrenera aldiberean begiratzeko ahalmena. Hain zuzen hor gordetzen du hein haundi batean bere magiaren zati haundia, oraindik frekuentzia eta anplitude modulatuak gorabehera, entzunaldi bakoitzean pizten dena, nahiz gero eta gutxiago praktikatzen den.

… eta idazle-hizlariaren eta entzulearen artean isiltasunez eraikitako komunikazio mundu bat eskaintzen du.

Irudi dizdiratsurik gabeko eta noraezean bizi diren interferentzien mundu hortan, Marshal McLuhanek (berea da goian bi puskatan banatuta ageri den esaldia) erdian jotzen du isiltasuna aukeratzerakoan irratia eraikitzeko argamasa gisara. Konpainia egiteko duen gaitasuna  eta orokorrean irratiaren inguruan ezagutzen ditugun antzeko topikoen gainetik, irratia, guk ezagutzen dugun bezala, zarata isilen makina da. Transistore analogikotik digitalera emandako pausuak argi uzten du: Gaur egungoak automatikoki sintonizatzen du, zarata interferentzia bihurtuz. Garai bateko eskuzko irratietan aldiz, zarata estatikoen artean hitzak eta musikak ziren interferentzia. Irratia asmatu aurretik ere, beti hor egon dela dirudien zarata anonimo itsasotu horren azpian, amaierarik gabeko isiltasun amniotiko hortan jaio zen irratia. Gertutasuna eta isiltasuna.

Lan honek Armand Robin (1912-1961) poeta, itzultzaile eta kazetariaren lana du oinarri. Bi mundu gerrak pairatu zituen intelektual frantses honek bere bizitzaren zati haundia, lehenbizi Frantziar gobernuaren barne ministeritzan eta gero bere kabuz, mundu osoko irratiak entzuteari eskaini zion. Urtetan, gau osoak eman zituen, bulegoko (auditorioko) espioitza lan moduko hortan, garaiko propaganda sistemen diagnosi kritiko eta zorrotzak egiteko balioko zioten entzunaldi luzeak egiten. Gerora, “bulletin d’ecoute” bihurtuko zituenak.

Bere analisiek oraindik gure medioen paisaia deskribatzeko baliagarriak izan daitezkela sinetsita, instalazio hontarako proposatutako ariketak haren lanaren jarraipen modukoa izan nahi du. Bere egunerokoetan eta bertzelako saiakeretan ageri diren arrastoak jarraituz, instalazioa osatzeko, berak martxan jarritako metodologia berbera praktikan jarri dut, jakina, harenak ez diren garaiotan. Gauak eman ditut irratiaren dialetan zehar, oharrak hartuz, grabaketak eginez eta Robinek entzun zituen oihartzunak gaurko testuinguruan ze forma eta izaerak hartu ahal izan dituzten asmatzen edo ulertzen. Instalazio honen oinarria beraz, eguneroko bat da, erdia soinu, erdia hitz. Entzundakoaren gainean idatzitako buletin xorta.

 

informazio gehiago:
http://www.propostesonore.org/indice15-IT.html
http://www.euskara.it