ZUBIAK DIRA ZAURIAK, ZAURIAK DIRA ORBAINAK, ORBAINAK DIRA IZENAK (Instalazioa)
Ikusentzunezko instalazioa zartatutako mihisearen gainean
MARCAR, SIGNAR, NOTAR erakusketa kolektiboa
Cibrian galeria, DONOSTIA (Gipuzkoa)
2020.06.11 – 2020.07.03
MUSIKA HAMABOSTALDIA 2021
San Telmo Museoa, DONOSTIA (Gipuzkoa)
2021.08.03 – 2021.08.31
Ikus lanaren audio bertsioa, 2019an argitaratua
Geografia, filosofo zirela ez zekiten aitzinakoen jakinduria, ez da errealitatea paper gainean jartzeko saiakera, paperekoa errealitatearekin parekatzekoa baizik. Kartografia behin betikorik ez den bezala, ez da geografia bakanik. Geografiak daude, bizi eta igaro nahi denaren adina bezainbertze. Soinuek, dio François J. Bonnetek, ez dute bestelako esanahirik, ez dira garrantzitsuak, sartu bezala irtetzen dira. Soinuek arrastoa uzteko, zauriak eragiteko duten gaitasuna da benetan garrantzitsuena. Horrek bihurtzen ditu, hain zuzen, Soinu (edo musika, edo balio, edo oroitzapen) gure geografia mentalean.
Geure buruari Ibai bat zer den galdetzen badiogu, alferrik bilatuko dugu erantzunik mapetan. Ez baita egia mapetan idatzirik, zenbaki, hizki eta marraz zauriturik ageri dena. Ez zientifikoki (eskalak ikusgarritasunera moldatzen dira mapetan) ez esperientziaz (eskala ez da pausoa). Mapek ez dute gordetzen norberak topatu nahi duen beste egiarik.
Gorputza zer den galdetu eta orbanei erreparatzen diegun bezala, Ibai bat zer den galdetzen dugunean, konturatu gabe, zaurietara eta zaurietatik begiratzen dugu. Horretarako eraiki dizkiogun miradore, igarobide, zubi, zubibide, presa, pasabideetatik begiratzen diogu. Eta haien bidez aukeratzen dituzte elkarbizitzera behartutako zubiaren bi aldeko bizilagun berriek izenak: Ibaiondo, Errekaundi, Biureta…
Hizki eta zenbakiz osatutako mapan hasten bada gure tragedia, zubiek gordetzen dute haren perspektiba zehatzena. Ihes puntua. Haiek jartzen diote distantzia, neurria eta tamaina ibaiari eta ondorioz lurrei, jabetzei.
Horregatik, legeak inposatuta ez denean, zubiaren alde bakoitzean bizi direnek euren izenak jartzen dizkiote zubiei, hizkiz eta zenbakiz: Lugañene edo 27. poligonoa, Urdinzu edo Alfontso XIII, Sarasola… edo Egia.
Zubirik gabe ez baita maparik.
Urumea ibaia iturburutik itsasoraino zeharkatzen duten zubi eta gainontzeko izaera arkitektonikoko azpiegitura guztietan jasotako soinu grabaketekin osatutako instalazioa. Artxibo hau zubi bakoitzean egindako grabaketen minutu bateko laginez osatuta dago. Soinu guztiek zubien estrukturen barruko eta gaineko bibrazioak erakusten dituzte.
Instalazio hau SAN TELMO MUSEOAren bildumaren parte da.